Goxua’n Salsa talde kolonbiar-nafarrak estudioko lehen albuma argitaratu du gaur, 11 abestirekin. Horien artean, saltsa klasikoan, beste genero batzuen bertsio handiak eta gai propioak daude, euskaraz eta gaztelaniaz. Diskoa dagoeneko eskuragarri dago Oso Politaren dendan eta plataforma digital nagusietan. Aurkezpena zuzenean egingo da Iruñako Zentral Aretoan, abenduaren 11an. Sarrerak urriaren 31tik aurrera egongo dira salgai osopolita.com eta lasttour.org webguneetan.
Diskoa kaleratzearekin batera, Grupo Niche talde kolonbiar ezagunaren Del Puente Para Allá abestiaren bertsioa estreinatu dute gaur. Orkestrak ukitu berezia eman nahi izan dio abesti horri; horregatik, leloa moldatu eta honako hau esaten dute: “Del puente para allá Txantrea, del puente para acá está Iruña (Zubitik harantz, Txantrea, eta zubitik honantz, Iruñea)”; auzoa eta hiria bereizten dituen Iruñeko Madalena zubi mitikoari buruz ari dira. Bideoklipean, taldekideak dotore-dotore jantzita ageri dira, instrumentuak hartuta, zubi ezagunean eta hiriko hainbat lekutan jotzen.
Goxua´n Salsa taldea 2020ko urtarrilean sortu zen Iruñean, kulturen arteko lotura berriak bilatu eta saltsa eta musika latinoa euskaraz eginez. Orkestra kolonbiar-nafarrak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan New Yorken, Kolonbian eta Puerto Ricon egiten zen saltsa klasikoa interpretatzen du, baina letretan ukitu berritzaile bat emanez; izan ere, genero horretan orain arte sekula ez bezala, euskaraz abesten baitute.
Emaidan Freskura lehen aurkezpenarekin ezagutu genuen orkestra; euskara hutsez abestutako singlea izan zen, eta hasiera-hasieratik gonbidatzen gaitu dantzan hastera. Goxuan Salsak hemen inguruan berria den generoa ekarri ditu, erritmo latinoan, nafarrek eta kolonbiarrek euskaraz kantatuta. Bueltatzen singlea Berri Txarrak rock talde mitikoaren omenaldia izan zen, eta ordu gutxi behar izan zituen abesti entzunenetako bat izateko; gainera, Euskal Herriko irrati nagusietan ere entzungai izan zen.
Kulturen arteko talka oso dibertigarria izan daiteke, eta horren adierazgarri izan genuen Guaguancó al chilindrón abestia, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunei buruzko abesti umoretsua; izan ere, beste herrialderen batera migratu duen orori gertatu izan dakioke lagun berriak bilatzen hasi eta erantzun hau jasotzea: “en mi cuadrilla no entras”; edo, pote bat eskatzera joan eta zure herrian ohikoa den edari hori ez izatea tabernan. Gatibu taldearen Lorak eskaintzen abestiaren letra zirraragarria kantatu digute kolonbiar-nafarrek, “Zutunik nago, zuri lorak eskeintzen” esanez, hau da, pertsona batek hildako lagunaren hilobi aurrean dioena. Gainera, single horretan Charlie Valenciak euskaraz abestu zuen lehen aldiz.
Horrez gain, Gozategi taldeak konposatutako Malkozko Irria edo Tocamás taldearen Limones del Caribe bezalako bertsio berriez gozatu ahal izango dugu. Bi kantu horiei beste abesti propio batzuk gehitzen zaizkie, hala nola Nuestra Historia saltsa erromantikoa edo Zoriontasuna alaia.
Goxua’n Salsa taldearen abestietan grabazioko, edizioko, nahasketako eta masterizazioko lanak Josu Ervitik egin ditu, Erviti Estudioetan, aurreko abesti guztietan konfiantzako produktorea izan baitzen. Mikrofono aurrean, Claudia R. Juanena eta Charlie Valencia abeslariek euskaraz eta gaztelaniaz kantatzen dute, gainerako taldekideekin batera; 3 ahotsetako koro bat, pianoa, baxu elektrikoa, congak, tinbalak, bongoa eta kanpaina, guiroa, 2 tronpeta eta 3 tronboi.
Esta entrada tiene 0 comentarios