Historiak, hizkuntzak eta melodiak ardo-kopekin partekatuz, ZETAK taldeak single berria aurkeztu du, Suu kantautore katalanarekin kolaborazioan egindako Pa amb Oli I Sal.
House eta pop soinuak nahastu eta, oraingoan, arbizuarra katalanez mintzo zaigu Blaumut taldearen Pa Amb Oli i Sal abesti ikonikoari beste kolore bat emateko. Suuren goxotasunari Zetaken elektronika unibertsalaren ukitua gehitu, eta jatorrizko bertsioan hain bereizgarri diren txistu-hotsekin dena josita, Pa amb Oli I Sal abestiaren bertsio berri hau freskotasunez eta nostalgiaz beterik dator, hein berean. Bideoklipa ere kaleratu dute, Mario Lezaun-en eskutik. Pello Reparazek berak egin ditu abestiaren ekoizpen-lanak, eta abestiaren inspirazio-iturri izan den lurrari ez ezik, hango hizkuntza propioari ere omenaldia egin nahi izan die ZETAK taldeak, txalapartaren euskal soinu tradizionalak txertatuta bertsioari, kulturak dantza-pistan nahastuz.
Hiru kolaborazio argitaratu zituen ZETAK taldeak iaz, eta Pa amb Oli I Sal abestia da hirugarrena. Lehenengoa Itzulera izan zen, Erramun Martikorena handiarekin batera Pirinioei gorazarre egiten dion house pop abestia; eta, horren atzetik, uda monopolizatu zuen Zoriontasuna (La vida es de verdad) hit-a etorri zen, Bomba Estéreo taldearekin kolaborazioan.
Taldearen diziplina anitzeko sonoritatea Estatu osoan barrena zabaltzen jarraituko du ZETAKek uda honetan; esate baterako, Mad Cool jaialdian arituko dira uztailaren 6an, eta uztailaren 24an, berriz, Donostiako Jazzaldian. Eta bira amaitzeko, bost kontzertu eskainiko ditu Pellok: irailaren 29an eta 30ean Iruñeko Zentral aretoan, eta urriaren 5etik 7ra bitarte Bilboko Kafe Antzokian. Sarrerak agortuta daude jada kontzertu guztietarako.
Esta entrada tiene 0 comentarios